XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

8. KAPITULUA.

Erregeak eta Erreginak bidaia ofiziala egin mugaldeetara.

Autorea ere beraiekin joan.

Herrialde hartatik nola irteten den kontatzen du zehatz-mehatz.

Ingalaterrara itzulera.

Beti izan nuen noizbait askatasuna berreskuratuko nuelako uste sendoa, nahiz eta ezinezkoa izan nola lortuko nuen imajinatzea edo arrakasta izateko itxaropenik txikienaz proiekturik prestatzea.

Ni ekarri ninduen itsasuntzia omen zen kostalde hartan sekula ikusitako lehena, eta agindu zorrotzak emanak zituen Erregeak, besterik agertzen bazen inoiz, lehorrera zezatela eta bertako marinel eta pasaiari guztiekin brozel batean Lorbulgrudera eramateko.

Neure tamainako emakume bat aurkitu nahi zidan Erregeak, espeziea zabaldu ahal izan nezan; baina uste dut nahiago izango nuela hiltzea, neuk utzitako ondorengoak kanari domestikatuak bezala kaiolatan gordeak izan eta agian geroago erresuman zehar bitxikeria gisa handikiei salduak izateko zoritxarra jasan baino lehen.

Egia da begirune handiz erabiltzen nindutela ni; Errege-Erregina paregabe haien faboritoa nintzen, eta Gorte osoaren lilura, baina giza espeziearen duintasunarentzat iraingarri zen oinarri gainean.

Ezin nituen inoiz ahaztu etxean utzitako kuttun haiek.

Maila berean hitz egin ahal izateko moduko jendearekin egon nahi nuen, eta igel edo txakurkume bat bezala oinpean harrapatuta akabatzeko beldurrik gabe ibili nahi nuen landa eta kaleetan.

Baina uste baino lehen iritsi zitzaidan askapena eta ez oso era arruntean; istorio eta gorabehera guztiak zehatz-mehatz kontatuko ditut.

Ordurako bi urte neramatzan herrialde hartan; eta hirugarrenaren hasiera aldera, Glumdalclitch eta biok Errege-Erreginarekin batera joan ginen bidaia ofizialean erresumaren hegoaldeko itsasertzera.

Ohi bezala, bidaiatzeko kaxan eraman ninduten, jadanik azaldu dudan bezala, hiru metro t`erdiko zabalera zuen gelatxo eroso-erosoa zelarik.